Hezueria

Wikia-Elikatik
Jump to navigation Jump to search

Azido urikoa odolean pilatu eta urato-kristalak ehunetan —nagusiki, zenbait artikulaziotan, hala nola behatzetan— metatzen direnean agertzen den sindromea.

Odoleko azido urikoaren maila normaltzat hartzen dira 3,5 eta 7,2 mg/dL bitartekoak. Odolean azido uriko gehiegi pilatzea produkzio endogeno handi baten ondorio izan daiteke, edo azido uriko gutxiegi kanporatzearen ondorio.

Sindrome honen oinarrizko lesioa tofoa da (larruazalean urato-kristalak metatzea), eta mina du sintoma nagusia.

Hezueria-artritis akutuaren hasierako tratamendua antiinflamatorioak ematea izaten da. Purina gutxiko dieta batek lagundu dezake hezueria izateko arriskua txikitzen. Dieta horren ezaugarriak hauek dira: edari alkoholdun gutxi hartzea, baraualdi luzerik ez egitea, likido asko edatea eta purina askoko elikagaien kontsumoa murriztea, hala nola erraiena, arrain urdin batzuena (antxoak, sardinzarrak, sardinak) eta itsaskiena. Beste elikagai batzuek ez dute purinarik, eta, beraz, sar daitezke dieta horretan: esnekiak, arrautzak, zerealak, pastak, patata, fruta, barazkiak eta ortuariak (zainzuria, ziazerba, azalorea eta lekaleak izan ezik), eztia, olioa, azukrea eta produktu azukredunak.


Erreferentziak


Lopez M, Garcia J. Gota úrica. Med clin 2004; 123(4): 138-42.

Cervera P, Clapés J, Rigolfas R. El pie gotoso: dieta en la hiperuricemia y en la gota. El PEu 203; 23(1): 34-7.