Eztia

Wikia-Elikatik
Jump to navigation Jump to search

Apis mellifera erleak sortutako substantzia natural gozo bat da eztia. Horretarako, landare-nektarra, landareen zati bizien sekrezioak eta landareen zati bizietan bizi diren intsektu zurrupatzaileen iraizkinak biltzen dituzte erleek, substantzia horiek eraldatu egiten dituzte beren substantzia espezifiko batzuekin konbinatuz, eta deshidratatu, gorde eta erlauntzean uzten dituzte, hel daitezen.


Eztiaren osagai nagusia karbohidratoak dira; energia handiko produktua da, beraz. 300-320 kcal ditu 100 g-ko, eta gluzemia-indize altua. Haren azukre garrantzitsuenak fruktosa eta glukosa dira. Horietaz gainera, aminoazido, bitamina eta mineral kantitate txikiak ditu. Ez du koiperik, ez zuntzik, eta proteinarik ere ia batere ez.


Eztia jariakorra nahiz lodia izan daiteke, eta kristal-egoeran ere egon daiteke. Ezti mota bakoitzak kolore bereizgarri bat izan ohi du, jatorriko landare-espeziearen araberakoa. Batzuek kolore argia izaten dute (jatorrian lore-nektarra dutenak, jatorrian lore nagusi bat izan nahiz bat baino gehiago izan), eta aberatsak dira glukosatan eta fruktosatan. Beste batzuk oso ilunak dira (jatorrian landareen zati biziak dituztenak edo basokoak); azken horiek azidoagoak dira, eta mineral eta gluzido konplexutan aberatsagoak.


Erreferentziak


Real Decreto 1049/2003, de 1 de Agosto de 2003 , por el que se aprueba la norma de calidad relativa a la miel (B.O.E. 06.08.2003).

Salmerón Egea, J. Azúcar y edulcorantes en Rodríguez Rivera V.M. y Simón Magro E. Bases de la alimentación humana. Editorial Netbiblo. 2008.