Hestea

Wikia-Elikatik
Jump to navigation Jump to search

Hestea da sabelaldean dagoen digestio-hodiaren zatia, urdailetik uzkirainokoa. Gizakietan, bi segmentutan banatzen da: heste meharra (6 metro luze, gutxi gorabehera) eta heste lodia (1-1,5 metro luze). Era berean, heste meharrak hiru zati ditu —duodenoa, jejunoa eta ileona—, eta heste lodia ere banatua dago —goranzko kolona, zeharkako kolona, beheranzko kolona eta ipurtestea, zeina uzkian amaitzen baita—.


Hestea da elikagaietako nutrienteak xurgatzeko funtzioetan espezializatutako digestio-hodiko zatia. Horretarako, ezaugarri berezi batzuk ditu. Hala, oso luzea da, eta xurgatze-azalera handia du oso, ia 200 metro karratukoa (tenis-pista baten parekoa). Azalera handi hori zenbait egituraren bidez lortzen da (balbula konnibenteak edo Kerkring-enak, biloak eta mikrobiloak); barne-azalera handitzen dute, eta, beraz, elikagaiekin kontaktuan dagoen azalera ere bai. Gainera, digestio-hodiaren zati honek odol-hodi eta baso kilifero ugari du, xurgatutako nutriente guztiak biltzeko. Heste meharrean ia nutriente guztiak xurgatzen dira, eta heste lodian, berriz, nagusiki ura, elektrolitoak, K bitamina eta kate motzeko gantz-azidoak.


Hesteak parte hartzen du digestio-prozesuan. Heste-argira isurtzen diren entzimak ditu, hala nola heste-lipasa —triglizeridoak digeritzen ditu— eta heste-amilasa —karbohidrato konplexuak digeritzen ditu—. Gainera, baditu beste entzima batzuk heste-mukosan daudenak, jariatzen ez direnak eta hala karbohidratoen (disakaridasak eta trisakaridasak) nola aminoazido lotuen zati txikien, peptido izenekoen (dipeptidasak, tripeptidasak), digestioa amaitzen dutenak.

Erreferentziak


Martínez de la Victoria E, Mañas M y Yago MD, 2010. Fisiología de la digestión. En: "Tratado de Nutrición. Tomo I Bases fisiológicas y bioquímicas de la nutrición humana" 2ª edición. Editor A. Gil Ed. Médica Panamericana, Madrid (España).

Mataix J y Martínez de la Victoria E, 2009. Bases fisiológicas digestivas. I Sistema digestivo. Bases fisiológicas. En: "Nutrición y alimentación humana. Tomo I Nutrientes y alimentos" 2ª edición. Editor J. Mataix. Ed. Ergon, Madrid (España).