Zetoazidosia

Wikia-Elikatik
Jump to navigation Jump to search

Nagusiki 1 motako diabetes mellitusa duten pazienteei (alegia, nahikoa intsulina ez dutenei) eragiten dien arazo metaboliko bat da. Patologia hau agertzen da organismoak ezin duenean azukrea (glukosa) energia-iturri gisa erabili nahikoa intsulina ez dagoelako edo batere ez dagoelako. Intsulina hormonaren ardura da odoletik zelulei azukrea ematea, haiek erabil dezaten eta organismoarentzat behar den energia lor dezaten.


Glukosarik ez dagoenean, organismoak, energia lortzeko, gantzen metabolismora jotzen du. Gantzak erretzetik eratortzen diren produktuak gorputz zetonikoak dira, hala nola azetoazetatoa eta beta-hidroxibutiratoa, zeinak odolean eta gernuan pilatzen baitira. Kontzentrazio handitan, gorputz zetonikoak toxikoak dira, odola azidotzen dute, eta, hala, zetoazidosia garatzen da.


Hori ez da gertatzen, eskuarki, pertsona osasuntsuetan, haien areak intsulina sortzen baitu eta hark erantzun egiten baitu odolean gorputz zetonikoak eta glukosa ugaritzean. Baina paziente diabetikoetan, intsulina kantitate egokirik sortzen ez denez edo/eta behar bezala funtzionatzen ez duenez, zetoazidosia oso arazo garrantzitsua izan liteke. Hori dela eta, diabetea duten pazienteen kasuan, oso garrantzitsua da patologia hori kontrolatzea. Gehienetan, gaixotasun larri batek eragiten du.


Hatsa da norbaitek zetoazidosia duen jakiteko bide bat, azetona ahotik ateratzen baita. Kaloria gutxiko dieta egiten duten pertsonek zetoazidosi arina izan dezakete; izan ere, dietan kaloriak falta direnez, energia gorputzeko gantzetatik lortzen da.


Sintomak askotarikoak izan daitezke: arnasketa azkarra, larruazal eta aho lehorra, aurpegi gorritua, fruta-usaineko hatsa, goragalea eta gorakoa, urdaileko edo sabelaldeko mina, etzanda arnasa hartzeko zailtasunak, apetitua galtzea, nekea, maiz gernu egitea edo egarri izatea egun batean baino gehiagotan, buruko minak eta muskuluetako minak.


Gernu-analisia eginda jakin daiteke gorputz zetonikorik badagoen. Gorputz zetonikoen testa egiten da pazientearen odoleko azukre-kontzentrazioa 240 mg/dL baino handiagoa denean, pneumonia edo bihotzekoa duenean, goragalea eta gorakoak dituenean, eta haurdunaldian. Tratamenduaren helburua da odoleko azukre-kontzentrazioa zuzentzea intsulinaren bidez. Beste helburuetako bat da gorakoen eta gernuaren bidez galdutako fluidoak ordeztea. Jakina, zetoazidosiaren kausa ere (adibidez, infekzio bat) tratatu egiten da. Konplikazioak larriak izan daitezke, zetoazidosia tratatu ezean; gerta liteke likidoa pilatzea garunean (edema zerebrala), bihotzekoa izatea edo giltzurrun-gutxiegitasuna. Oso kasu larrietan, komara ere irits liteke, eta baita heriotzara ere.


Erreferentziak


C R Barnett & Y A Barnett. 2003. Ketone bodies. En CABALLERO, B., TRUGO, L.C.,FINGLAS,P.M.: Encyclopedia of Food Sciences and Nutrition. Volume 7. Kidlington :Elsevier Science, 2003. p. 3421- 3425. ISBN 0-12-227055-X

MedlinePlus Diabetic ketoacidosis