Glutena mugatzen duen dieta

Wikia-Elikatik
Jump to navigation Jump to search

Gaixotasun zeliakoa dutenentzako moduko dieta. Garian, zekalean, garagarrean, tritikalean (gariaren eta zekalearen hibridoa) eta haien deribatu guztietan dagoen proteina bat da glutena. Ogiak, zereal landuak, pastak, pizzak, tartak, pastelak eta gailetak egiteko erabiltzen dira zereal horiek; baita elikagai prozesatu askoren osagai gehigarri gisa ere. Glutena osagai edo gehigarri gisa gehitu dakieke elikagaiei, kasu batzuetan fabrikazio-prozesuari dagozkion arrazoi teknologikoengatik.


Behin gaixotasun zeliakoa diagnostikatutakoan, glutenik gabeko dieta zorrotza egitea izaten da tratamendua. Ez da hasi behar glutenik gabeko dieta egiten, aurrez hori justifikatzen duen heste-biopsiarik egin gabe (mukosa-alterazioa izateagatik). Glutenik gabeko dieta bizitza osoan egin behar da. Frogatuta dago gluten kantitate txikiak modu jarraituan hartzeak kalte egin diezaiekeela heste-biloei, eta nahi gabeko alterazioak eta/edo asalduak eragin ditzakeela.


Glutenik gabeko dietaren oinarria, nagusiki, glutenik ez duten elikagai natural eta freskoak dira: esnea, haragiak, arrainak, arrautzak, frutak, barazkiak, lekaleak eta glutenik gabeko zerealak (arroza, artoa, kinoa, amarantoa, artatxikia eta basartoa). Elkarrekin modu orekatu eta askotarikoan konbinatuta kontsumitzen dira.


Erreferentziak


Asociación de Celíacos de Madrid. La dieta sin gluten.

Koll MF. Enfermedad celíaca. En: Rodota LP & Castro ME. Nutrición clínica y Dietoterapia. Ed. Médica Panamericana. Buenos Aires, Argentina, 2012; pp. 477-85.