Esnea

Wikia-Elikatik
Jump to navigation Jump to search

Ugaztun emeen ugatzek kumeak elikatzeko jariatzen duten produktu zurixka opakua da esnea. Gizakientzako elikagai gisa merkaturatzen den esnea etxe-abere eme sano eta ongi elikatuak erregularki, erabat eta etenik gabe jetziz lortzen da.


Esne behi-esneari esaten zaio; beste animaliaren batena denean, zer animalia-espezierena den zehaztu behar da: ardi-esnea, ahuntz-esnea, gamelu-esnea, bufalo-esnea...


Merkaturatzeko, tratamendu termiko bat egin behar da, eta, horrela, esne pasteurizatua, esterilizatua eta UHTa lortzen da.


Koipea kenduta, esne gaingabetua edo erdigaingabetua lortzen da, azken produktuak duen koipe kantitatearen arabera.


Batzuetan, beste substantzia batzuk gehitzen zaizkio esneari, eta mineralez (kaltzioa) aberastutako esnea, bitaminaz aberastutakoa (A eta D) edo azukrez aberastutakoa (esne kondentsatua) lortzen da.


Beste batzuetan, osagai natural batzuk kentzen zaizkio, hala nola laktosa, azukre hori onartzen ez duen jendeak hartu ahal izateko.


Nutrizioaren ikuspegitik, behi-esne osoaren osagai nagusia ura da (% 87-90), eta osagai solidoen artean proteinak (% 3-3,5), lipidoak (% 3,5-4) eta karbohidratoak (% 4,5-5) ditu. Nabarmentzekoa da aberatsa dela kaltziotan eta A eta D bitaminatan.


Erreferentziak


Belitz, H.D., Grosch, W., Schieberle, P. Química de los alimentos. 3ª ed. Ed. Acribia. Zaragoza. 2012.

Murdock, D.H. Encyclopedia of foods: A guide to healthy nutrition. Editorial Academic Press. San Diego. 2002.

Ojeda, M. y Pérez Elortondo F.J. Leche y productos lácteos en Rodríguez Rivera V.M. y Simón Magro E. Bases de la alimentación humana. Editorial Netbiblo. 2008.