Izozkia

Wikia-Elikatik
Jump to navigation Jump to search

Askotariko osagaiak izan ditzaketen elikagaiak dira izozkiak. Osagai horiek (esne osoa, esne gaingabetua, esne-hautsa, esne-gain freskoa, esne-gain izoztua, esne-gain gozoa eta gurina) irabiatuz eta izoztuz egiten da izozkia. Osagai horietaz gainera, azukrea eta beste produktu batzuk ere izaten dituzte, egin nahi den izozki motaren arabera: arrautzak, fruta, fruitu lehorrak, txokolatea, landare-koipeak, koloratzaileak, aroma-emaileak, emultsionatzaileak, egonkortzaileak eta ura, besteak beste.


Izozkien osagai garestiena esne-koipea da. Hori dela eta, zenbat eta esne-koipe gehiago, orduan eta garestiagoa da produktua. Erabiltzen diren gantz gehienak aseak dira (animalia- nahiz landare-jatorrikoak), baina fosfolipido (lezitina) batzuk eta monoglizerido eta diglizerido batzuk ere izaten dira, proportzio txikitan. Esnearen koipeak, batetik, eta proteinek eta esnekiek, bestetik, zaporea eta aroma ematen dizkiete izozkiei, loditu egiten dituzte, eta testura egokia izaten laguntzen diete. Izozkiek proteina gehiago edo gutxiago izaten dute izozkia egitean erabilitako esne kantitatearen arabera, baina arrautzak eta fruitu lehorrak erabilita ere handitzen da proteina kantitatea.


Azukre ugariko produktuak dira. Azukreak produktua gozatzen du, biskositatea handitzen, eta nahasturaren izozte-puntua txikitzen, izozkailuan gogortuta gera ez dadin. Izozkien pisuaren % 25 inguru karbohidratoei dagokie (sakarosa eta glukosa edo glukosa-jarabea).


Bestalde, badira urarekin egindako izozkiak ere; ez dute esnekirik, eta, beraz, ez dute ia batere proteinarik eta koiperik.


Nutrizioaren ikuspegitik, hiru multzotan banatzen dira izozkiak:

  • Oinarri gisa esne-gaina, esnea (osoa edo gaingabetua) eta esnearena ez den koipea dituzten izozkiak: esne-gainezko izozkia, kremazko izozkia eta esnezkoa, besteak beste.
  • Oinarri gisa ura duten izozkiak: poloak, sorbeteak eta izotz-edari erdisolidoak.
  • Azkenburuko izoztuak: mota askotako produktuak izan daitezke, hala nola tarta eta pastel izoztuak.


Oro har, energia-balio handiko produktuak dira (batez beste, 200-250 kcal/100 g oinarri gisa esne-gaina edo krema duten izozkietan), osagaien arabera. Osagaien artean koiperik ez duten izozkiek askoz kaloria gutxiago dute.


Erreferentziak


Ojeda, M. y Pérez Elortondo, F.J. Leche y productos lácteos en Rodríguez Rivera V.M. y Simón Magro E. Bases de la alimentación humana. Editorial Netbiblo. 2008.

Murdock, D.H. Encyclopedia of foods: A guide to healthy nutrition. Editorial Academic Press. San Diego. 2002.