Ura

Wikia-Elikatik
Jump to navigation Jump to search

Ur molekula batek oxigeno atomo bat (O) eta bi hidrogeno atomo (H) ditu. Ura da izaki bizidunen osagai nagusia. Pertsona heldu baten pisuaren % 50-60 inguru ura da, eta organismoko zeluletan nahiz zirkulazioan dabiltzan likidoetan dago (odola, linfa, digestio-urinak eta abar).


Esan daiteke ura dela nutrienterik garrantzitsuena, eta bizia arriskuan jartzen dela organismoak nutriente hori falta badu aldi labur batean. Urak prozesu ugaritan hartzen du parte, eta funtzio asko ditu.


Haien artean, nabarmentzekoak dira egitura-funtzioa betetzea (ehun askoren osagaia), erreakzio kimikoak gertatzen diren ingurunea izatea, nutriente gehienak digeritzen eta xurgatzen diren ingurunea izatea, nutrienteak eta beste osagai batzuk garraiatzeko bidea izatea, hondakin-substantzia hidrodisolbagarriak kanporatzeko bidea izatea, gorputz-tenperatura kontrolatzen parte hartzea, eta abar. Gizakietan bezala, osagai nagusia da gainerako izaki bizidunetan ere, eta, beraz, baita elikagai askotan ere.


Urak zehazten du, neurri handi batean, elikagaiek nolako testura duten, organismoak nola erabiliko dituen, nola kozinatu behar diren, eta abar. Elikagai batek zenbat ur duen jakiteaz gainera, garrantzitsua da ur hori zenbateraino erabil daitekeen jakitea ere, erabakigarri baita hori produktuaren balio-bizitza zehazteko, eta lotura zuzena baitu narriatze-erreakzioekin.


Erreferentziak


Etaio I. 2008. Agua en Bases de la Alimentación Humana. (Coord., V.M. Rodríguez, E. Simón). Ed. Netbiblo S.L., La Coruña, España, pp. 87-99.