Patata

Wikia-Elikatik
Jump to navigation Jump to search

Solanum tuberosum landarearen hainbat barietatetatik datozen tuberkulu osasuntsu, heldu eta garbiak dira patatak. Egoera naturalean nahiz behar bezala kontserbatuta jangarriak dira gizakientzat. Merkatuan, tamaina, forma eta azal-kolore desberdinetakoak aurkitu daitezke. Haragi zuri-horixka izan ohi dute, nahiz eta mami moreko klonak ere ari diren lortzen. Munduko elikagai erabilienetako bat da.


Haren osagai nagusia karbohidratoak dira (% 13-21), batez ere almidoia, eta proportzio txikiagoan zuntza, batez ere azalean (% 0,4-2). C bitaminaren eta B taldeko bitaminen —tiamina (B1), erriboflabina (B2), niazina (B3) eta piridoxina (B6)- iturri aberatsa dira.


Potasioa dute mineral nagusia. Hala ere, proteina, lipido eta sodio gutxi dute.


Pataten nutrizio-balioa gutxitu egiten da ernetzen eta kimuak edo zurtoinak sortzen direnean, patataren elementu nutritiboen eta uraren kontura hazten baitira horiek.


Patata 8-12 ºC-an gorde behar da, leku fresko, aireztatu, hezetasunik gabeko eta ilun batean, lizunik ez sortzeko eta patata ez berdetzeko. Halakorik gertatuz gero, azal lodi samarra utzita zuritu behar da, konposatu toxikoak (solanina) sortzen baitira azaletik gertu.


Erreferentziak


Deleuze Isasi, P. Legislación Alimentaria. Código Alimentario Español y disposiciones complementarias. 7ª ed. Ed. Tecnos. Madrid. 2006.

Murdock, D.H. Encyclopedia of foods: A guide to healthy nutrition. Editorial Academic Press. San Diego. 2002.