Ontziratze aktiboa

Wikia-Elikatik
Jump to navigation Jump to search

Ontziratze aktiboaren xedea da elikagaien kontserbazio-denbora handitzea eta haien propietate organoleptikoak zaintzea edo indartzea. Horretarako, substantzia interesgarriak askatzen dira (antimikrobiarrak, antioxidatzaileak, aromak), edo nahi ez diren konposatuak (oxigenoa, etilenoa, usainak) kentzen dira produktu ontziratutik edo haren ingurutik.


Hona hemen, deskribatuta, ontziratze aktiboaren teknologian oinarrituriko gailu edo material komertzial batzuk, askotariko elikadura-produktuetan erabiltzen direnak:


  • Oxigeno-xurgatzaileak (O2): O2-aren maila hutseko ontziratzean baino hamar aldiz gehiago ere murrizteko aukera ematen dute, eta oso erabilgarriak dira gas horrekiko sentikorrak diren elikagaiak ontziratzeko. Elikagai hauetan alterazioak galarazteko erabiltzen dira: gantz-eduki handiko okelak, gantz-azido poliasegabetan aberatsak diren arrainak, okintzako eta opilgintzako produktuak, eta esnekiak, hala nola esnegaina, esne-hautsa eta gurina. Oxidazioak eragindako alterazioetatik babesteaz gainera, ontzietan oxigeno-xurgatzaileak eransteak inhibitu egiten du mikroorganismo aerobioen hazkundea.
  • Karbono dioxidoaren sortzaileak eta xurgatzaileak (CO2): Onuragarria da ontziaren buruko espazioan CO2-a izatea, jarduera antimikrobiarra baitu. Elikagai jakin batzuetan baino ez da erabiltzen: okela fresko batzuk, arrainak eta gaztak. CO2-aren xurgatzaileei dagokienez, asko erabiltzen dira kafe eho txigortu berria daukaten ontziak lehertu ez daitezen.
  • Ur-xurgatzaileak eta hezetasun-erregulatzaileak: Ontziaren barnean ura likido- edo gas-egoeran egoteak elikagaien alterazio fisiko-kimikoari eta mikrobiologikoari laguntzen dio. Gerta daiteke ur hori buruko espazioan atxikita geratzea ontziratzen denean, produktuak berak sortzea biltegiratuta dagoen bitartean, edo kanpoaldetik iristea. Ur-xurgatzaileak ur-aktibitate handiko elikagaietarako erretiluetan jarri ohi dira; adibidez, landare fresko, okela eta arrainetarako erretiluetan. Hezetasun-erregulatzaileek, berriz, ontziaren barne-atmosferako ur-lurruna atzitzen dute. Horrelako xurgatzaile eta erregulatzaileez gainera, lurrunaren kontrako gehigarriak dituzten orriak ere fabrikatzen dira, ontziaren barneko gainazalean ur-lurruna kondentsatzeak eragiten duen ikuspen-galera saihesteko.
  • Etileno-xurgatzaileak: Fruta eta barazki batzuek etilenoa askatzen dute, arnasa hartzeko prozesua azkartzen eta umotzen laguntzen duen hormona. Gas horren kontzentrazioa handia denean, landareak seneszentziara iristen dira, hostoak eta beste parte berde batzuk horitu egiten dira, eta fruituak bigundu, eta kalitateari eragiten dioten beste arazo batzuk agertzen dira. Etilenoa ontziaren barne-atmosferatik kentzen duten gailuek poltsatan edo xaflatan aurkezten diren konposatu kimikoak dituzte.
  • Jarduera antimikrobiarra duten gasen sortzaileak: Elikagaien gainazaleko mikrobio-kutsadura deuseztatzen duten konposatuak (etanola, etab.) ekoizten dituzte. Landare freskoak, arrantza-produktu erdideshidratatuak, gaztak eta okintzako eta gozogintzako produktuak ontziratzean erabiltzen dira. Gerta daiteke horrelako gailuak dituzten produktu ontziratuek usain eta zapore desatseginak hartzea paketearen barnean askatutako etanol kantitatea handia denean, baina aldaketa organoleptiko horiek partez desagertzen dira produktua berotzen denean, gasaren parte bat lurrundu egiten baita.


Erreferentziak


García E; Gago L; Fernández JL. 2006. Tecnologías de envasado en atmósfera protectora. Informa de Vigilancia Tecnológica. (Coord., Fundación para el conocimiento madri+d CEIM). Dirección General de Universidades e Investigación (M-42.918-2006).