Kaxrut

Wikia-Elikatik
Jump to navigation Jump to search

Judaismoak ezartzen dituen elikadura-arauen multzoa. Liburu sakratuetan, hala nola Toran (kristauen Itun Zaharreko Pentateukoaren parekoa), eta ahozko tradizioan dute jatorria. Arau horiek askotariko elikadura-ohiturei eragiten diete. Alde batetik, zenbait arauk debekatu egiten dute zenbait animalia jatea edo edozein animaliaren odola kontsumitzea. Gainera, jan daitekeen haragia lortzeko ere, animaliak prozedura zehatz bati jarraikiz hil behar dira. Baldintza horiek betetzen dituzten elikagaiak jateko modukoak dira, eta Koxer elikagai deritze.


Badira orobat elikagaiak kozinatzeari eta kontsumitzeari buruzko arauak. Alde batetik, ezin dira nahasi haragia eta esnekiak (elikagai horiek tresna desberdinekin prestatzen dira), eta ezin dira jan otordu berean. Haragia jan ondoren, 6 ordu itxaron behar da esneki bat hartzeko. Bestetik, larunbatean, atsedenerako eta erlijio-ospakizunetarako eguna denez, ezin da kozinatu, lan egitea baita. Debeku horrek ekarri du janari bereziak asmatzea, ostiral-gauaz geroztik su txikian prestatzen direnak larunbat-eguerdi arte bero iraun dezaten.


Elikagaien inguruko arau horiek, hain zorrotzak direnez, biziki zailtzen dituzte juduen eta beste erlijio batzuetako pertsonen arteko harremanak. Izan ere, ezin dute elikagairik jaso judu ez diren pertsonengandik, eta, etxetik kanpo jaten badute, koxer jatetxe batean jan behar dute.


Erreferentziak


JABAD.COM

Oficina Económica y Comercial de la Embajada de España en Tel Aviv

Gelber, V. y Sánchez, F. Cumplimiento de los hábitos alimentarios del judaísmo (Kashrut) en la comunidad ortodoxa judía de Costa Rica