Zinka

Wikia-Elikatik
Jump to navigation Jump to search

Taula periodikoan trantsizio-metalen artean sailkatua dagoen elementu kimikoa. Horrelako elementuen ezaugarria da d orbital bat izatea partzialki elektroiz betea. Zinkaren zenbaki atomikoa 30 da, eta haren sinbolo kimikoa Zn. Forma naturalean, solidoa da, gris-urdinxka.

Organismoarentzat, mineral esentzial bat da, zenbait funtzio erregulatzeko duen gaitasuna dela eta. Nagusiki, muskuluan eta hezurretan banatzen da, baina gibelean, giltzurrunetan, epitelio-ehunean eta gizonezkoen sexu-guruinetan ere badago. Prozesu hauetan parte hartzen duten entzimen kofaktorea da: immunitate-erantzuna, proteinen metabolismoa, etanolaren katabolismoa, hazkundea, intsulina-ekoizpena, garraioa, sexu-guruinen garapena, orbaintzea, hezur-ehunaren sintesia… Bestalde, oxidazio-estresaren kontrolean parte hartzen du, superoxido dismutasa erregulatuz.

Zink gutxiegi hartzeak, ohikoa ez bada ere, ondorio hauek ditu: azazkal hauskorrak izatea, ilea erortzea, hipogonadismoa, immunitate-erantzuna murriztea, larruazaleko lesioak eta dastamen-alterazioak, eta, zenbait kasutan, anorexia.

Animalia-jatorriko elikagai-iturrietatik lortzen da mineral hori; bereziki, bibalboetatik (ostrak, muskuiluak…), eta baita zenbait fruitu lehorretatik eta produktu integraletatik ere.


Erreferentziak


Bases de la alimentación humana. Victor Manuel Rodriguez Rivera; Edurne Simón Magro. Ed. Netbiblo.