Berrelikatzearen sindromea

Wikia-Elika(e)tik
Hona jo: nabigazioa, bilatu

Aldi luze batez jan gabe egon den pertsona bat berriz elikatzen hastean, pixkanaka-pixkanaka hasi ezean, aldaketa bortitz bat gertatuko da odoleko elektrolito-kontzentrazioan, eta elektrolitoak zelulan sartuko dira; gainera, erretentzio hidrikoa gertatuko da zeluletan, aldaketa fisiologikoak izango dira (hala nola arritmiak, kontzientzia-asalduak, konbultsioak, bihotz- eta arnasa-depresioa), eta pazientea hil ere egin liteke behar bezala tratatzen ez bada.


Berrelikatzearen sindromearen kausa elikadura azkar sartzearen ondorioz gertatzen den aldaketa metaboliko eta hormonala da. Berrelikatzeak odoleko glukosa-maila (azukrea) handitzea eragiten du, eta horrek intsulina ugaritzea. Hormona horrek bidezidor metabolikoak estimulatzen ditu, hots, glukogenoaren, koipearen eta proteinen sintesia. Prozesu horiek zenbait mineral —potasioa, fosfatoa eta magnesioa, kasurako— eta zenbait kofaktore —hala nola tiamina—behar dituzte. Elektrolitoak zeluletan sartzeak hipopotasemia, hipomagnesemia eta hipofosfatemia eragiten ditu. Intsulinak, gainera, eragin natriuretikoa du giltzurrunetan. Hori dela eta, sodioa atxikitzen da, eta horrek erretentzio hidrikoa eta zelulaz kanpoko ur-bolumena handitzea eragiten du.


Horren ondorioz, fosfatoaren, potasioaren eta magnesioaren maila serikoak murriztu egiten dira, eta kontuan hartu behar dugu lehendik ere agortuak zeudela elikadura faltagatik. Azken batean, elektrolito horien urritasun funtzionalek eta metabolismo basalaren tasaren aldaketa bortitz batek eragiten dituzte berrelikaduraren sindromearen zeinu klinikoak.


Malnutrizioa azkar konpontzeak likidoen aldaketa eragin dezake, eta hodi barneko bolumenaren gainkarga; eta horrek guztiak bihotz-gutxiegitasun kongestiboa sor diezaieke miokardioko atrofia duten paziente malnutriziodunei. Beraz, janaria modu progresiboan sartzea gomendatzen da.


Ikertzaile gehienek elektrolito-desorekak pazientea berrelikatzen hasi aurretik zuzentzea aholkatzen dute. Lehen otorduetarako proposatutako tartea atsedeneko kaloria-gastuaren % 25-75 da. Helduei buruzko txostenetan, 20 kcal/kg/egun edo 1.000 kcal/egun-ekin hastea gomendatzen da. Paziente pediatriko eta helduetan, kaloria-ingestioa % 10-25 handitzen da egunean, 4-7 egunez, kaloria-helbururaino iritsi arte. Nutrizioaren aurrerapena egonkortasun biokimikoan oinarritzen da. «Mantso hastea eta mantso joatea» esaera egokia da paziente malnutriziodunari tratamendua emateko gida gisa. Nutrizio-laguntza ematen den bitartean ez dira mugatzen proteinak. Zenbait ikerketak erakusten dute proteina-ingestio altu batek errespetatu egiten duela giharren muskulu-masa, eta hura leheneratzen laguntzen duela. Berrelikaduraren hasieran, mugatu egin behar dira sodioa eta likidoak (egunean 1.000 ml edo gutxiago), gainkarga hidrikoa prebenitzeko.


Erreferentziak


Judy Fuentebella, John A. Kerner (2009) Síndrome de realimentación. Pediatr Clin N Am 56, 1201–1210.

Tresna pertsonalak
Izen-tarteak

Aldaerak
Ekintzak
Nabigazioa
Tresnak
Egiletza
Informazio gehiago