Surimia

Wikia-Elikatik
Jump to navigation Jump to search

Japonierazko termino bat da surimi, eta ‘arrain-muskulu xehatua’ esan nahi du. Arrain-okelaren proteinen estraktu bat da, lehengai gisa erabiltzen dena zenbait produktu ekoizteko: karramarro-taketak, angula-suzedaneoak, ganben edo otarrain-buztanen suzedaneoak, saltxitxak eta hestebeteak.

Surimia lortzeko, merkatuan harrera eskasa eta prezio merkea duten arrain-espezie ugariak erabiltzen dira, baita xerratze-prozesuetako ebakinak ere. Hona hemen gehien erabiltzen diren espezieetako batzuk: abadira, bakailaoa, berdela, legatza, sardina eta txitxarroa.

Surimia, suzedaneoak egiteko erabiltzen denean, zenbait osagai eta gehigarrirekin nahasten da, lortu nahi den produktuaren arabera: egonkortzaileak, zaporearen indartzaileak, kontserbagarriak eta koloratzaileak, besteak beste.

Surimia, arrainaren deribatu bat denez, balio biologiko handiko proteinen iturri ontzat hartzen da, arraina bezala; lehengai gisa erabiltzen diren arrainen proteinen % 75 mantentzen du surimiak.


Erreferentziak


Martínez O y Casas C. 2008. Pescados, Mariscos y Derivados en Bases de la Alimentación Humana. (Coord., V.M. Rodríguez, E. Simón). Ed. Netbiblo S.L., La Coruña, España, pp. 61-72.