Planas klinikaren dieta

Wikia-Elikatik
Jump to navigation Jump to search

Planas klinikaren dieta edo Planas dieta enterala mirarizko dieta bat da, eta, beraz, ez da aholkatzekoa. Obesitatea tratatzeko edo pisua galtzeko dieta bat da, ingestioa elikadura enteralaren bidez kontrolatzean oinarritzen dena. Badira beste aldaera ezagun batzuk, hala nola "zunda bidezko dieta enterala", "motxilaren dieta", "hodiaren dieta", "dieta nasogastrikoa" eta "sudurretik jateko dieta". Hau da oinarria: erabiltzailea egun bat eta hamar egun bitartean dieta hipokaloriko batez elikatzen da zunda nasogastriko baten bidez. Alegia, aldi horretan guztian ez du ezer jaten, eta elikagai likidoa daukan poltsa batetik ematen zaizkio nutriente guztiak sudurretik urdaileraino sartutako hodi baten bidez. Horrenbestez, egun horietan erabiltzaileak zunda jarrita eraman behar du, eta aldean eraman behar ditu, orobat, elikagai-poltsa eta elikagaia poltsatik urdailera bultzatzen duen ponpa.


Dieta hori eskaintzen duten profesionalek kontrol medikoak proposatzen dituzte, eta elikadura normalera pixkanaka eta modu kontrolatuan birmoldatzea. Hala ere, komunitate zientifikoaren iritzia da proposatzen den tratamendu dietetikoa arras erasotzailea dela; gainera, mirarizko dieten barnean sailkatzen du (halakoen ezaugarriak betetzen baititu), eta ez egiteko aholkatzen. Haren aurka agertu dira AEDN (Asociación Española de Dietistas Nutricionistas), AND (Academy of Nutrition and Dietetics) eta OCU (Organización de Consumidores y Usuarios) erakundeak.


Dieta hori ez egiteko aholkua emateko arrazoi nagusiak hauek dira:

  • Ez ditu betetzen obesitatea tratatzeko adostutako irizpide zientifiko eta klinikoak (Sociedad Española para el Estudio de la Obesidad), zeinetan gizabanakoa ahotik elikatzeko gauza ez denean bakarrik proposatzen baita elikadura enterala.
  • Litekeena da indarrean dagoen legeria ez betetzea.
  • Mirarizko dieten ezaugarriak betetzen ditu.
  • Osasunerako arriskugarria da (batez ere, zunda nasogastrikoa ospitaletik kanpo denbora luzean erabiltzeak dakartzan arazoengatik).


Erreferentziak


GREP-AEDNren eritzia “Dieta Enteral Planas” delakoari buruz

Planas Dieta enterala