Marka zuriko elikagaiak

Wikia-Elikatik
Jump to navigation Jump to search

Halako elikagaietan, kontsumitzailearentzako etiketan agertzen den merkataritzako marka produktua merkaturatzen duen banaketa-enpresarena da, eta ez ekoitzi duen fabrikatzailearena. Banatzaile-marka ere baderitzo, fabrikatzaile-markatik bereizteko. Hasiera batean, marka zuriaren izena bat zetorren hura banatzen zuen enpresaren izenarekin; hala ere, marka zuri terminoa hedatu egin da enpresa banatzaileek beren produktuak bereizteko sortu dituzten marken multzora.


Horrelako marken kontsumoa handituz joan da sortu zirenetik. Azken urteotako krisi ekonomikoaren ondorioz, hazkundea are handiagoa izan da, eta elikagaien otarrean duten merkatu-partea % 43 ingurukoa zen 2012ko lehen hiruhilekoaren amaieran. Eskaera handiago horrek salmenta-prezioaren igoera ekarri du; horrenbestez, murriztu egin da fabrikatzaileen lehen marken eta marka zurien arteko prezio-tartea.


Haien arrakastaren arrazoiak bat baino gehiago dira. Hasteko, eskari gero eta handiagoko elikagaiak edo kontsumo handikoak baino ez dira eskaintzen. Banatzaileak ez du arriskurik; izan ere, kontsumitzaileen artean arrakasta duela frogatua duen elikagaiaren antzeko bat eskaintzen du prezio txikiagoan, eta bere instalazioetan saltzen du; hau da, marketin-erraztasun guztiak ditu. Produktuak merkeagoak dira ekoizpen-kostuak ere txikiagoak direlako (berrikuntzan, logistikan edo sustapenean).


Marka zuriko elikagaiek gatazka sortzen dute elikagai-industriaren interesekin, elikagai-industria handien interesekin, merkatu-partea «kentzen» dietelako haiek egiten dituzten «lehen markei». Gatazka sortzen dute, halaber, marka zuriak fabrikatzen dituzten industriekin berekin, kontrol zorrotza ezartzen baitiete: zenbait alderditan ezartzen dizkieten baldintzak bete behar dituzte; esaterako, erabili beharreko lehengaia, prezioa edo fabrikatu beharreko kantitateak. Azkenik, industriak autonomia galtzen du, eta enpresa-etekina bera ere ezarri egiten diote. Denborarekin, harreman hori zailagotu egiten da, industria handiak bere markak baztertzera eta banaketa handirako bakarrik ekoiztera jotzen baitu; ondorioz, haren iraupena banaketa handiaren mende gelditzen da erabat. Azkenean, marka zuriko elikagaiek bidea ireki dute banaketa-enpresa handiek elikadura-industria ahuldu eta kontrola dezaten eta gizarte baten elikadura-sistemaren gainean erabakitzeko botere handiagoa har dezaten.


Erreferentzia


Bush, D. y Lawrence, G. Supermarket own Brands, supply chains and the transformation of the agri-food system. International Journal of Sociology of Agriculture and Food