Lipolisia

Wikia-Elikatik
Jump to navigation Jump to search

Lipolisia bidezidor metaboliko bat da, metatutako triglizeridoak puskatu eta glizerol molekula bat eta hiru gantz-azido sortzen dituena. Bide hori gantz-ehunean eta muskuluan gertatzen da, eta haren helburua da energia sortzea glukosatik lortutakoa nahikoa ez denean. Gantz-ehunak askatzen dituen gantz-azidoak odolera isurtzen dira; han, albuminari lotuta, beste ehun batzuetara garraiatzen dira, gibelera nagusiki. Hori dela eta, lipolisiari gantz-mobilizazio ere esaten zaio. Muskuluan askatzen direnak han geratzen dira, muskuluaren beraren kontsumorako. Hala, gantz-azidoak β-oxidazioaren bidez degradatzen dira, eta energia askatzen dute. Bestalde, askatzen den glizerola plasmara barreiatzen da, eta batik bat gibelean kontsumitzen da. Han, glukolisiarekin bat egiten du, energia sortzeko berriz ere. Glukosa-eskasia dagoenean, glizerola glukosa bihur daiteke glukoneogenesiaren bidez.

Lipolisia hormona mailan, dietaren bidez nahiz jarduera fisikoaren bidez erregulatzen da.


Erreferentziak


Nelson DL, Cox MM. Lehninger. Principios de Bioquímica. 5ª Ed. Ediciones Omega. 2007, Barcelona.

Rodríguez Rivera VM, Simón Magro E. Bases de la Alimentación Humana. Editorial Netbiblo. 2008, La Coruña.