Koxer elikagaiak

Wikia-Elikatik
Jump to navigation Jump to search

Judaismoak, islamismoak bezala, ezartzen du sinestunentzat elikagai baimenduak eta debekatuak daudela. Koxer —edo kaxer— elikagaiak juduek jan ditzaketenak dira. Elikadura-arau honen jatorria liburu sakratuetan dago, hala nola Torah delakoa osatzen dutenetan (kristauen Itun Zaharreko Pentateukoaren baliokidea). Animalia-jatorriko elikagai batzuei dagokie debekua; haren justifikazioa da ezaugarri jakin batzuk betetzen dituztenak baino ez direla animalia garbiak.


  • Lurreko animalietan, bi baldintza hauek betetzen dituztenak jan daitezke: hausnarkariak izatea eta apatxa erdibitua izatea. Arau hori aplikatuta, txerri-, untxi- edo zaldi-okela ezin da jan.
  • Uretako animalietan, hegalak eta ezkatak dituztenak baino ezin dira jan. Moluskuak eta krustazeoak, beraz, zikinak dira.
  • Intsektuetan, zikinak dira lurrean ibiltzen direnak.


Arau horiek zuzentzen dituen printzipioak dio espezie bakoitza elementu bati dagokiola eta elementu horretarako aurreikusitako organoekin higitu behar duela. Hala egiten ez badu, zikina da, Jainkoaren nahia ez betetzeagatik. Bi espezietako ezaugarriak dituzten animalietan Gaizkiak esku hartu du.


Erlijio musulmanean bezala, animalien odola ere ezin da hartu. Bizi-organo batzuk inguratzen dituen gantza ere debekatuta dago.


Juduentzat, elikagai garbi bat zikina izan daiteke behar ez bezala manipulatzen bada; horregatik, badira arauak animaliak hiltzeko eta elikagaiak prestatzeko moduari buruz ere. Animalia abere-hiltzaile espezializatu batek hil behar du: zehatz sastakatu behar du animalia jugularrean, erabat odoluts dadin konorterik gabe dagoela. Elikagaiak prestatzeko eta jateko moduari buruzko arau nagusiak dio okela ezin dela esnekiekin nahasi (elikagai horietako bakoitza tresna desberdinekin prestatu ohi da) eta ezin direla otordu berean jan. Okela jan ondoren, 6 ordu itxaron behar da esneki bat hartu aurretik.


Larunbatean, atsedenerako eta erlijio-ospakizunetarako eguna denez, ezin da kozinatu, hori lana baita. Debeku horrek ekarri du janari bereziak asmatzea, ostiral-gauaz geroztik su txikian prestatzen direnak larunbat-eguerdi arte bero iraun dezaten. Elikagai bat koxer dela ziurtatzeko, ohikoena da konfiantzako denda batean erostea. Badira elikagai asko komunitateko errabino batek emandako etiketa bat dutenak elikagai horrek juduen legea betetzen duela egiaztatzeko. Dena dela, koxer elikagaietarako ez dago etiketa bakarra.


Elikagaiekiko arau horiek, hain zorrotzak direnez, biziki zailtzen dituzte juduen eta beste erlijio-sinesmen batzuetako pertsonen arteko harremanak. Izan ere, ezin dute elikagairik jaso judu ez diren pertsonengandik, eta, etxetik kanpo jaten badute, koxer jatetxe batean jan behar dute.


Erreferentziak


JABAD.COM

Judaism 101