Jogurta

Wikia-Elikatik
Jump to navigation Jump to search

Lactobacillus delbruecki subp. bulgaricus eta Streptococcus thermophillus esne-bakterioen bidez hartzitutako produktua da jogurta. Batez ere, behi-esnea erabiliz egiten da, baina ardi-esnea ere erabiltzen da, gutxiago bada ere.


Jogurtaren nutrizio-balioa jatorriko esnearen oso antzekoa da, jogurt osoa bada (esne-gain eta gantz guztiarekin). Jogurt gaingabetuek, berriz, gantz gutxiago eta bitamina lipodisolbagarri gutxiago izan ohi dute. Jogurt osoaren % 3,5-4,5 proteina da, % 3 gantza, nagusiki asea, eta % 4 karbohidratoak, laktosa moduan. Jogurtaren kultura biziei esker, produktu horren laktosa hobeto digeritzen dute esneari intolerantzia diotenek.


Bitamina lipodisolbagarrien eta B taldeko bitamina hidrodisolbagarrien iturri ona dira jogurtak. Jogurt bakar batek (125 g) heldu gazte batentzat gomendatutako erriboflabina kantitatearen % 20 ematen du, B12 bitaminaren % 10 eta tiaminaren % 5. C bitaminarik ez du.


Mineral-iturri ona dela jotzen da, kaltzioarena batez ere.


Jogurta solidoa izan daiteke, irabiatua edo likidoa. Gaur egun, probiotiko deituriko bakterio eta mikroorganismoak erabiliz egiten dira esneki asko. Probiotikoak osasungarriak dira oso, baina, beren lana betetzeko, digestio-aparatua bizirik zeharkatzeaz gainera, hesteetan ugaltzeko gai izan behar dute. Berriki onartu da jogurtetan kontsumitzeko gomendatutako azken data jarri behar dela, eta ez iraungitze-data (28 egunekoa zen).


Erreferentziak


Baró Rodriguez, l., Lara Villoslada, F., Corral Román, E. Leche y derivados en Gil A.. Tratado de nutrición. Tomo II. Editorial Médica Panamericana. Madrid 2010

Reglamento (UE) nº 432/2012 de la Comisión de 16 de mayo de 2012 por el que se establece una lista de declaraciones autorizadas de propiedades saludables de los alimentos distintas de las relativas a la reducción del riesgo de enfermedad y al desarrollo y la salud de llos niños.

Real Decreto 176/2013, de 8 de marzo, por el que se derogan total o parcialmente determinadas reglamentaciones técnico-sanitarias y normas de calidad referidas a productos alimenticios.