Halal elikagaiak

Wikia-Elikatik
Jump to navigation Jump to search

Erlijio islamikoaren elikadura-arauak betetzen dituzten elikagaiak dira; hau da, sinestunek kontsumitu behar dituzten bakarrak. Erlijio horrek ez ditu balio moral batzuk sustatzen bakarrik; jokabide batzuk izatera ere behartzen du. Elikaduraren arloan, musulmanek bi betebehar garrantzitsu dituzte: barau egitea ramadan hilean, eta Halal elikagaiak —baimenduak, alegia— bakarrik kontsumitzea. Koran haien liburu sakratuan agertzen den moduan, elikagai debekatuak —Haram— hauek dira: edari alkoholdunak, edozein animaliaren odola eta zenbait animaliaren okela. Okeletan, sinestun musulmanentzat txerri-okela (eta basurde-okela) debeku dira. Elikagai horiek bakarrik ez, halako osagairik daukan beste edozein elikagai ere (txorizoa, odolkia edo txerri-gantza daukaten gailetak, baita gehigarriak ere, hala nola gelatina) saihestu egin behar dute.


Gainera, baimendua dagoen beste edozein animalia-okela (behiarena, ardiarena edo oilaskoarena, adibidez) eskuratzeko ere, animalia erritu jakin bati jarraituz hil behar da . Abere-hiltzailea pertsona erlijioso bat izaten da, Alari hots egiten diona animaliaren jugularra ebakitzen duenean erabat eta azkar odoluts dadin.


Erlijio-arau horien betetze-maila nahiko aldakorra da, sinestunaren adinaren edo jatorriaren arabera aldatzen baita. Islamak, beraz, dikotomia bat ezartzen du elikagai baimenduen eta debekatuen artean; horrenbestez, haren jarraitzaileek erlijio-arau horiek betez hautatzen dituzte elikagaiak eta ez arau dietetikoen arabera bakarrik.


Elikagai bat benetan Halal dela bermatzeko, ohikoa da erlijio musulmanak baimendutako elikagaiak saltzen dituela ziurtatzen duen inguruko dendaren batean erostea. Espainian, elikagai bat sinestun musulman baten kontsumorako egokia dela bermatzeko zigilu bakarra Biltzar Islamikoaren Halal Institutuak ematen duena da (Kordoban du egoitza). Zigilu hori duten elikagaiak saltegi handietan saldu ohi dira, halako saltegietan ez baita izaten konfiantza-harremanik kontsumitzailearen eta saltzailearen artean.


Erreferentzia


Instituto Halal