Gorputzeko ura

Wikia-Elikatik
Jump to navigation Jump to search

Gorputzeko pisu osoaren % 45-50 ura da emakumeetan, eta % 55-60 gizonezko helduetan. Gizon eta emakumeen arteko aldea gorputzaren konposizioan —batez ere, muskulu-masan, gantz-ehunean eta hezurretan— dauden desberdintasunek eragiten dute. Muskuluan dago gorputzeko uraren erdia, gutxi gorabehera.


Gorputzeko uraren ehunekoa aldatu egiten da bizitzan zehar. Jaioberrietan izaten da handiena (gutxi gorabehera, % 75), eta behera egiten du haurtzaroan aurrera joan ahala. Egonkorra da heldu gazteetan, eta behera egiten du berriro 50 urtetik gora.


Gorputzeko uraren hiru konpartimentu bereizten dira, konposizio ezberdinekoak: zelula barneko ura, zelulaz kanpoko ura (ur interstiziala eta ur plasmatikoa) eta ur transzelularra.


Gorputzeko urak bide ematen dio zeluletarako garraioari; gorputzeko tenperatura erregulatzen laguntzen du; digestioan parte hartzen du, eta gorputzeko likido guztiak disolbatzeko bidea da. Gorputzeko ura giltzurrunak erregulatzen du funtsean, bi hormonaren eraginez: hormona antidiuretikoa (ADH) eta aldosterona.


Ur-beharrizanak oso aldakorrak dira, eta zenbait faktoreren araberakoak izaten dira: inguruneko kondizioak, jarduera fisikoaren maila eta norberaren metabolismoa. Oro har, jotzen da egunean 1 ml ur behar dela kontsumitzen den kilokaloria bakoitzeko. Edari eta elikagaien bidez barneratzen dugu ura, eta gernuaren, gorozkien, transpirazioaren eta biriketako galeren bidez kanporatzen.