Elikagaiekiko alergia

Wikia-Elikatik
Jump to navigation Jump to search

Elikagaiekiko alergia da elikagai batekiko (edo batzuekiko) edo haren osagai batekiko (edo batzuekiko) intolerantzia espezifiko bat immunitate-sistema aktibatzen duena. Alergeno batek (erreakzio alergiko bat eragin dezakeen substantzia bat da, baina gehienetan ez da kaltegarria) zenbait erreakzio eragiten ditu, bata bestearen atzetik, immunitate-sisteman; haien artean, antigorputzen ekoizpena. Antigorputz horiek substantzia kimikoak jariarazten dituzte, hala nola histamina, zeinak zenbait sintoma sortzen baititu: hazkura, muki-jarioa, eztula, arnasketa-asalduak... Eskuarki, elikagaiekiko alergiak bizitzako lehen urteetan detektatzen dira; 3 urtetik beherako haurren % 6k du halako alergiaren bat, eta maizago agertzen dira horrelako alergiak dituzten gurasoen seme-alabetan.


Hauek dira erreakzio alergikoak maizen eragiten dituzten elikagaiak: behi-esnea, arrautzak, soja, garia, itsaskiak, frutak eta fruitu lehorrak (intxaurrak eta kakahueteak, esate baterako). Alergia horiek detektatzeko, metodo hauek erabiltzen dira: larruazaleko probak, baztertze-dietak, laborategiko ikerketak, ahotik emanda alergia eragitea, eta abar. Behin diagnostikoa egindakoan, tratamendu nagusia izaten da alergia eragiten duten elikagaiak edo osagaiak saihestea. Pazienteari heziketa eman behar izaten zaio, elikagai eragileak har ez ditzan, sintomei garaiz antzeman diezaien eta, erreakzio anafilaktikorik badu, tratamenduaren berri izan dezan.


Erreferentziak


Página oficial ELIKALTE - Asoc. Vasca de Alergias Alimentarias

Estudio del EUFIC sobre los alérgenos alimentarios - EUFIC

European Food Information Council (EUFIC). Alergias e intolerancias alimentarias. Documentos Básicos 06/2006.

Iglesias ML. Alergias alimentarias. En: Rodota LP & Castro ME. Nutrición clínica y Dietoterapia. Ed. Médica Panamericana. Buenos Aires, Argentina, 2012; pp. 329-47.

Food Allergy and Anaphylaxis Network.