Edari alkoholdunak

Wikia-Elikatik
Jump to navigation Jump to search

Edari alkoholdunak konposizioan etanola (alkohol etilikoa) duten edariak dira. Edari alkoholdunen alkohol kantitatea alkoholaren bolumenak edo graduak zehazten du (hala, 13,5º-ko graduazioa %13,5eko alkohol-bolumenaren baliokidea da, hots, etanol 100 ml ardoko).


Alkohola legamien bidez sintetizatzen da, edari horien lehengai diren nekazaritza-produktuetan dauden azukreetatik. Alkohol-kontzentrazioa bolumenaren % 20ra hurbiltzean, legamiek garatzeari uzten diote. Beraz, graduazio handiagoko edari bat sortzeko, destilatu egin behar da, lurrunduz eta gero kondentsatuz, alkohola kontzentratzeko. Alkohol-graduazioa inplizituki dakarren lortze-metodoaren arabera, sailkapen hau egin daiteke:


Edari alkoholdun hartzituak: Legamiek azukre batzuk hartzitu eta alkohol bihurtzen dituzten edariak dira. Horrelako edarien alkohol-mailak ez dira bolumenaren % 20tik gorakoak izaten. Sailkapen horren barruan, hauek daude, besteak beste:

  • Garagardoa: garagar-maltatik datorren muztio bat legamia hautatu baten bidez hartzituta lortzen den edari alkoholduna da.

Gutxi gorabehera, % 5eko alkohol-edukia izaten du garagardoak.

  • Ardoa: mahats freskoan nahiz haren zukuan edo muztioan dauden karbohidratoen hartzidura alkoholiko osotik edo partzialetik lortzen den edaria da.

% 10-15eko alkohol-edukia izaten du ardoak. Mahats mota ugari daudenez, era askotako ardoak daude, eta kolorearen (beltzak, zuriak, gorriak), adinaren (gazteak, onduak, erreserbakoak eta erreserba handikoak), alkohol-graduazioaren, azukre-edukiaren (lehorrak, erdilehorrak edo erdigozoak eta gozoak) eta abarren arabera sailkatzen dira.

Edari alkoholdun destilatuak: destilazio bidez —aromen, produktu natural hartzituen edo landare-substantzien mazerazioaren presentzian edo ez— lortzen diren edariak. Bolumenaren % 15etik gorako alkohol-graduazioa dute. Edari destilatu mota asko daude, destilatzen den lehengaia zein den, prozesuan zer aromatizatzaile edo osagarri erabiltzen diren, eta abar. Hona hemen batzuk:

  • Whiskia: zerealen muztioa hartzituz eta gero destilatuz lortzen da.
  • Rona: kanabera-azukrearen fabrikazioko melazak edo zuzenean azukre-kanaberaren zukua hartzituz eta destilatuz lortzen da.
  • Gina: ipuruaren aleak erabiltzen dira fabrikaziorako, nekazaritzako alkohol etilikoa, pattarrak edo zereal-destilatuak aromatizatzeko balio baitute.
  • Vodka: nekazaritzako alkoholetik lortzen da, erabilitako lehengaien ezaugarri organoleptikoak arintzeko tratamenduak eginda eta modu berezian aromatizatuta.
  • Uxuala: mahats-pats hartzitu eta destilatuetatik lortzen da.


Edari horien nutrizio-balioa energetikoa da erabat, kaloriak azukretik eta alkoholetik baitatoz, baina aintzat hartu behar da alderdi toxikologikoa, etanol-edukia handia baita.


Erreferentzia


Bases de la alimentación humana. Victor Manuel Rodriguez Rivera; Edurne Simón Magro. Ed. Netbiblo.