Dumpinga

Wikia-Elikatik
Jump to navigation Jump to search

Urdaileko edukia heste meharrera azkar husteagatik gertatzen da; hala, likidoa ugaritu egiten da hestean, eta heste-distentsio akutua agertzen da. Elikagaiak irentsi ondorengo lehen minutuetan, dumping goiztiarra agertzen da, eta, harekin batera, asetasun-sentsazioa eta beste zenbait sintoma (gorritasuna, palpitazioak...). Gero, goragalea, gorakoak, diarrea eta muturreko ahulezia-sentsazioa agertzen dira. Elikagaia irentsi eta 2 edo 3 ordura, dumping berantiarra agertzen da; haren sintomak dira apatia, izerditzea, buru-nahasmena, palpitazioak, takikardia eta zorabioak. Uste da sintoma horiek agertzen direla glukosa azkar xurgatzeak odoleko intsulina areagotzen duelako eta horrek hipogluzemia eragiten duelako.


Dumpingaren kausarik ohikoena izaten da urdailaren zati bat kentzea, minbizi gastriko baten tratamendu kirurgikoaren ondorioa izan ohi dena. Urdailaren funtzioetako bat denez kontrolatzea elikagaiak zer erritmotan igarotzen diren hesteetara, urdailaren zati handi bat kentzean murriztu edo galdu egiten da gaitasun hori, eta, horregatik, eduki gastrikoa azkar igarotzen da hesteetara.

Huste gastriko azkar horren sintomak saihesteko, komeni da gutxi eta maiz jatea, likidoak eta solidoak batera ez irenstea eta azukre sinpleen kontsumoa (sakarosa) murriztea edo saihestea.


Erreferentzia


M.A. Delfante. Gastrectomía. En: Nutrición clínica y Dietoterapia.L.P. Rodota y ME Castro (eds) pp.619-625. Editorial Médica Panamericana. Buenos Aires, 2012.