Dibertikulitisa

Wikia-Elikatik
Jump to navigation Jump to search

Hesteetako dibertikuluak poltsa txiki batzuk dira, heste-argitik haren kanpoaldera ateratzen direnak. Dibertikuluak digestio-aparatu osoan ager daitezke, baina dibertikulosi terminoak kolonean dibertikuluak izateari egiten dio erreferentzia. Dibertikulosia duten pertsonen % 10-20k izaten du dibertikulitis-agerraldiren bat bizitzan.


Koloneko dibertikulu baten hantura eta ondorengo zulaketa; dibertikulosiaren konplikaziorik ohikoena da.


Dibertikulitisaren kausarik ohikoena mekanikoa da, eta dibertikuluan eginkariak atxiki eta fekalito izeneko masa gogor bat sortzearekin erlazionatzen da. Fekalitoak mukosa higatzen du, eta hantura eragiten; gainera, koloneko bakterioekin infekta daiteke mukosa. Kasu batzuetan, hanturak sintoma gutxi ditu, eta bere kasa sendatzen da; beste batzuetan, konplikatu egiten da, eta sukarra, min abdominala eta peritoneoko narritaduraren zeinuak agertzen dira.


Konplikatua ez bada, modu anbulatorioan tratatzen da dibertikulitisa, ohean atseden hartuz, likido argien dieta eginez eta espektro zabaleko antibiotikoak hartuz. Kasurik larrienetan, beharrezkoa izaten da ospitaleratzea, likidoak eta antibiotikoak zain barnetik emateko. Dibertikulitis-koadroak behin eta berriz agertzen badira zona berean, baliteke kirurgia behar izatea.


Erreferentziak


Baldomero López V, Llames L. Diarrea aguada y crónica. Estreñimiento. Síndrome de intestino irritable. Enfermedad diverticular. En: Rodota LP & Castro ME. Nutrición clínica y Dietoterapia. Ed. Médica Panamericana. Buenos Aires, Argentina, 2012; pp. 452-55.

Angós Musgo R. Diverticulosis y diverticulitis. Clínica Universitaria de Navarra.