Crohn-en gaixotasuna

Wikia-Elikatik
Jump to navigation Jump to search

Hesteen hanturazko gaixotasun kronikoa, hesteetako edozein zatiri eragin diezaiokeena —heste meharrekoa izan zein heste lodikoa izan—, nahiz eta maizago kalte egiten dion ileonari. Zenbaitetan, digestio-hodiko beste zati batzuei ere erasaten die. Lesioak segmentukakoak izaten dira, eta, hala, zenbait zona osasuntsu egoten dira ehun gaixoz inguratuta. Zona lesiodunetan, hesteetako paretaren geruza guztiak egoten dira kaltetuta.


Agerraldi klinikoak erasandako heste-zonaren araberakoak dira. Nolanahi ere, zeinu eta sintomarik ohikoenak diarrea kronikoa eta min abdominala (eskuarki, kolikoaren antzekoa) dira. Ohikoak dira febrikula edo sukarra, anorexia, goragalea, gorakoak eta pisu-galera. Askotan, gaixoek konplikazioak izaten dituzte; bereziki, abszesuak edo fistulak garatzean.


Gaixotasun honen kausak ez dira ondo ezagutzen, baina uste da aurretiko joera genetikoa duten gizabanakoetan gertatzen den erantzun immune ezegoki baten ondorioz agertzen dela zenbait faktoreren arteko interakzioaren eraginez: ingurunekoak (dieta, estresa, medikamentuak), mikrobioei eta sistema immuneari dagozkionak eta hesteetako bertako faktoreak (muki-barreraren eta mikrobaskulaturaren akatsa). Ez da ondo ezagutzen gaixotasunaren jatorria, baina uste da osagai autoimmune bat dagoela gaitzaren etologian. Alegia, gizabanakoaren immunitate-sistemak beraren hesteei erasaten die, eta hantura eragiten du.


Erreferentzia


E. Cabré y MA Gassull. Nutrición en la enfermedad inflamatoria intestinal. En: Tratado de Nutrición. A. Gil (ed), pp.669-687. Editorial Médica Panamericana, Madrid, 2010.