Ama-esnea

Wikia-Elikatik
Jump to navigation Jump to search

Erditzetik astebetera, gutxi gorabehera, ugatzak sortzen duen elikagaia da. Ama-esnearen konposizioa ez da beti konstantea izaten. Zuzenean lotuta dago amaren elikadurarekin. Bestalde, aldatu egiten da edoskitzaroan zehar, garatzen ari den haurraren beharrak asetzeko. Aldaketak gertatzen dira egunetik egunera, eta baita harraldi berean ere (harraldiaren hasieran, koipe gutxi du, eta amaieran lau aldiz gehiago ere izan dezake, umea asebetetzeko).


Ama-esne helduak litroko 700 kcal inguru ematen ditu. Eta litroko 1,3 g proteina ematen ditu; kaseina eta proteina serikoak (laktoalbumina, laktoferrina, immunoglobulinak eta abar). Koipea da ama-esnearen energia-iturri nagusia, eta gantz-azido esentzialak (azido linoleikoa eta azido linolenikoa) eta kate luzeko gantz-azido poliasegabeak ematen ditu. Laktosa (galaktosaz eta glukosaz osatutako disakaridoa) da ama-esneko karbohidratoen % 80. Oligosakaridoen kontzentrazioa (oritzean ere badaude) txikiagotu egiten da esne heldurako trantsizioan. Oligosakaridoek eta laktosak hesteetako bakterio-flora (bifidobakterioak) ezartzea bultzatzen dute.


Ama-esnearen bitamina- eta mineral-ekarpena egokia izaten da esne-bolumena ondo elikatutako ama bati dagokiona bada. Haurrak behar bezala garatzeko behar dituen mineralak ematen dizkio ama-esneak, gutxienez lehen 4 hilabeteetan.

Erreferentziak


Lasa A, Labayen I, Simón E, 2008. Nutrición y alimentación en el lactante. "Bases de la alimentación humana”, V.M. Rodríguez, eta E. Simón koordinatzaileak; Netbiblo argitaletxea, A Coruña (Espainia)

Maldonado J eta Gil M, 2010. Nutrición del lactante."Tratado de Nutrición. III alea Nutrición humana en el estado de salud" 2en edizioa. A. Gil argitaratzailea, Medica Panamericana argitaletxea, Madril (Espainia)