Alkohol etilikoa

Wikia-Elikatik
Jump to navigation Jump to search

Alkohol kolorge eta lurrunkorra, uretan nahaskorra. Likido hau daukaten edariei edari alkoholdun deritze.


Edari alkoholdunen etanol-edukia bolumen-ehuneko gisa adierazten da horrelako edarien etiketetan; beraz, alkohol-gradu bat 0,79 gramo etanolen baliokidea da. Edari mota hau bi talde handitan banatu daiteke lorbidearen eta alkohol-graduaren arabera: edari alkoholdun hartzituak eta edari alkoholdun destilatuak. Hartzituak dira karbohidrato-lehengaiak erabiltzen dituztenak (era askotako nekazaritza-produktuetan daudenak) eta legamiek eragindako hartzidura-prozesuak jasaten dituztenak. Prozesu horiek karbohidratoak eraldatu eta etanol bihurtzen dituzte; edari alkoholdun hartzituen etanol-edukia bolumenaren % 20tik beherakoa da. Edari alkoholdun destilatuen kasuan, alkohol-portzentajea, bolumenean, % 20tik gorakoa da; lurrunduz eta gero kondentsatuz lortzen dira.


Horrelako edarien kaloria-ekarpena kalkulatzeko, kontuan hartu behar da gramo bat etanolek 7,1 kcal ematen dituela. Dena dela, alkoholetik eratorritako kaloriek karbohidratoetatik datozenek baino balio biologiko txikiagoa dute. Horrek esan nahi du alkoholak daukan energia galdu edo alferrik gal daitekeela, hau da, ez dela erabilgarria gorputz-masa ekoizteko edo atxikitzeko. Garrantzitsua da azpimarratzea alkohola hartzeak, modu puntualean zein kronikoan, aldatu egiten duela nutrienteen ohiko erabilera, eraldatu egiten baititu haien digestioa, xurgapena eta metabolizazioa.


Erreferentzia


Lieber CS. Perspectives: Do alcohol calories count? Am J ClinNutr 1991; 54:976-982 Rodríguez VM, Simon E (2008). Bases de la Alimentación Humana. Ed Netbiblo.