Nitratoak dira nitrogenotik eratorritako konposatuak, eta airean, uretan eta lurrean modu naturalean aurkitzen dira. Ezinbestekoak dira ekosistema mantentzeko. Azken urteotan, gizakiaren esku hartzea dela eta (ongarri kimiko gehiegi erabiltzea, nekazaritza ustiategi intentsiboetako hondakin organiko gehiegi eta hiri ur-hondakinen kontzentrazio maila altua), lurrean nitrogeno gehiegi dago. Landareek nitrato modura xurgatzen dute eta gaindikina metatzen dute; gainera, nitratoak erraz xurgatzen dira, ur-sistemetara iristen dira, eta, azkenik, edateko uretara ere heltzen dira.
Nitratoak, batik bat, bi bidetatik iristen dira kontsumitzaileengana: barazkien eta edateko uraren bidez.
Barazkiek behar baino nitrato gehiago xurgatzen dute eta ezin dute gaindikina kanporatu; beraz, metatu egiten dute, bereziki hosto eta sustraietan. Ondorioz, nitrato-maila handia izaten dute espinakek, zerbek, letxugek eta azek.
Kontsumitzen den nitrato kopurua oso handia izan ezean, substantzia horiek ez dute eraginik izaten kontsumitzaileen osasunean. Izan ere, nitratoek sabela babesteko eragin positiboa izaten dute, mukosak aktibatu eta ultzerak edo bestelako sabel arazoak ekiditen baitituzte.
Baina, elikagaien edo uraren nitrato kopurua handia bada, nitratoen zati bat nitrito edo nitrosamina bihur daiteke. Eta konposatu horiek kaltegarriak dira gizakiarentzat.
Nitritoak odolera iristean, hemoglobina herdoildu eta oztopatu egiten dute oxigenoa ehunetara iristea. Gaixotasun horri metahemoglobulinemia deitzen zaio eta oso arriskutsua da, batik bat, haurtxoetan.
Nitrosaminak konposatu kantzerigenoak dira, eta digestioan sortzen dira nitratoek eta aminek bat eginda.
Erreferentziak
Infograma Kontsumitzailea Nitratoak - ELIKA
Arrisku kimikoak – Nitratoak eta Nitritoak – ELIKA