Fosforoa mikronutriente bat da; zehazki, mineral esentzial bat. Organismoko mineralik ugarienetan bigarrena da, kaltzioaren atzetik, eta organismoko mineral kantitate osoaren % 22 hartzen du.
Fosforoak egiturazko funtzioak eta funtzio erregulatzaileak ditu organismoan. Egiturazkoak, hezurreko kaltzio-hidroxiapatitoaren eta zelula-mintzetako fosfolipidoen parte delako. Hainbat mailatan betetzen ditu bere funtzio erregulatzaileak: energiaren metabolismoan (ATParen parte da), biosintesi-bideetan, muskuluen uzkurtzean eta garraio aktiboan parte hartzen du, eta entzima askoren jarduera erregulatzen du (fosforilazio-/desfosforilazio-erreakzioen bidez), bai eta pH-a ere (batez ere, zelulen barneko pH-a).
Fosforoa dietako elikagai ugaritan dago. Bioeskuragarritasun handia du esnean eta esnekietan; animalia-jatorriko elikagaietan dago (haragiak, arrainak, arrautzak), eta landare-jatorrikoetan —haietan bioeskuragarritasun egokirik ez badu ere—, baita edateko uretan eta edari karbonatatuetan eta gehigarrietan. Heldu osasuntsuetan, gomendatzen da egunean 800-1.000 mg fosforo hartzea, kaltzioarekiko 1:1 proportzioan.
Erreferentziak
Gil Hernández A. Tratado de Nutrición. Editorial Médica Panamericana. 2010, Madrid.
Mataix Verdú J. Nutrición y Alimentación Humana. Editorial Ergon. 2009, Madrid.
Rodríguez Rivera VM, Simón Magro E. Bases de la Alimentación Humana. Editorial Netbiblo. 2008, La Coruña.