Estatinak

Wikia-Elikatik
Jump to navigation Jump to search

Kolesterola sintetizatzeko giltzarri den entzima bat, hidroximetil glutamil CoA erreduktasa, inhibitzen duten farmakoak dira estatinak. Beraz, dislipemien tratamenduan erabiltzen dira, kolesterol-maila jaisteko, batez ere kolesterol-maila altua duten eta gaixotasun kardiobaskularrak izateko arrisku handiena duten pertsonekin (prebentzio kardiobaskularra).


Hainbat motatako estatinak daude —lobastatina, prabastatina, sinbastatina, flubastatina, atorbastatina, errosubastatina eta pitabastatina— eta kolesterola jaisteko duten gaitasuna da batzuen eta besteen arteko alde nagusia.


Estatinek lipoproteinen metabolismoan duten eragin nagusia LDL kolesterolaren maila jaistea da. Kolesterola zenbat gutxitzen duen estatina motaren eta dosiaren araberakoa da, zeren hipolipemiatzaile gisa duen eraginkortasuna dosiaren mendekoa baita. Estatinek triglizerido-maila ere jaisten dute, eta HDL kolesterolaren maila igo egiten dute pixka bat. Horretaz gainera, beste onura batzuk ere eragiten dituzte, lipidoetan duten eraginarekin zerikusirik ez dutenak; onura horiek, ziur asko, farmako hauek arrisku kardiobaskularra gutxitzeko duten eragin orokorrari laguntzen diote.


Oro har, ondo toleratzen dira estatinak, eta kontrako efektuak gutxitan gertatzen dira (kontrako efektuak gehiagotan agertzen dira adineko pertsonetan, giltzurrunetako edo gibeleko gutxiegitasuna dutenetan, hipotiroidismoa dutenetan eta polimedikatuetan).


Erreferentziak


Jesús Flórez. 2005. Farmacología Humana. 4ª Ed. Masson S.A. Barcelona, España.