Elikagaietako Deklarazio Nutrizionala

Wikia-Elikatik
Jump to navigation Jump to search

Elikagaien etiketetan ageri diren osasun-propietateei buruzko neurriz gaineko informazioa (maiz, batere zorrotza ez dena) dela eta, Europar Batasunak erregelamendu bat onartu zuen 2006an, elikagaien etiketetako holako mezuak arautzeko. Erregelamendu horrek bi deklarazio mota ezartzen ditu elikagaietan: deklarazio nutrizionalak eta elikagaien propietate osasungarriei buruzko deklarazioak.


Deklarazio nutrizional bat da edozein deklarazio, baieztatzen, iradokitzen edo ulertarazten duena elikagai batek propietate nutrizional onuragarriren bat —elikagai horren espezifikoa eta bereizgarria— duela. Beraz, klase edo sorta bereko gainerako elikagaietatik bereizi behar dituen ezaugarri bat da. Propietate nutrizional onuragarri horren arrazoia izan daiteke elikagaiak energian edo nutrientetan edo bestelako substantziatan duen edukia. Zehazki, erregelamenduak kasu hauetan ematen du aukera deklarazio nutrizional bat erabiltzeko (klase edo sorta berekoen aldean):


  • Energia, nutriente jakin bat edo substantzia jakin bat ematen duenean.
  • Energia, nutrienteak edo substantziak, gutxi-asko, ematen dituenean.
  • Energiarik, nutrienterik edo substantziarik ematen ez duenean.


Garrantzizkoa da nabarmentzea elikagai batek, edozein deklarazio eraman ahal izateko, bai elikagaiak, bai deklarazioak berak —hala nutrizionalak nola propietate osasungarriei buruzkoak— printzipio batzuk (adibidez, faltsua, anbiguoa edo iruzurrezkoa ez izatea) eta baldintza batzuk bete behar dituela, 1924/2006 Erregelamenduan eta haren ondorengo aldaketetan jasoak daudenak. Adibidez, halako deklarazio bat erantsi nahi duen elikagai batek nutrizio-profil jakin bat bete behar du (esaterako, gatz, azukre edo trans gantzetan gehienezko eduki bat izatea), eta deklarazioak ez du faltsua, anbiguoa edo iruzurrezkoa izan behar.


Aipatutako ezaugarrietakoren bat betetzen duten elikagaietan erabil daitezkeen deklarazio nutrizionalak eta erabilera-baldintza zorrotzak Erkidegoko Deklarazio Erregistro batean jasota daude. Ezin da erabili deklarazio nutrizionalik Erregistro horretan jasota ez badago, ezta Erregistro horretan deklaratutako baldintzak bete gabe ere. Erregistro horretan jasotako deklarazio nutrizionalaren adibide bat "kaloria gutxiko" deklarazioa da; Erregelamenduaren arabera, bakarrik erabili ahal izango da baldin eta elikagaiak gehienez 40 kcal/g baditu, elikagai solidoen kasuan, eta gehienez 20 kcal/100 mL baditu, elikagai likidoen kasuan.


Erreferentziak


Deklarazio nutrizionalen zerrenda osoa eta eguneratua

AESAN

Elikagaien propietate osasungarrien eta nutrizio deklarazioen inguruko 1924/2006 Araudia

Propietate osasungarri eta nutrizio deklarazioen erregistroa