Elikagaien propietate osasungarrien deklarazioak

Wikia-Elikatik
Jump to navigation Jump to search

Elikagaien etiketetan ageri diren osasun-propietateei buruzko neurriz gaineko informazioa (maiz, batere zorrotza ez dena) dela eta, Europar Batasunak erregelamendu bat onartu zuen 2006an, elikagaien etiketetakoholako mezuak arautzeko. Erregelamendu horrek bi deklarazio mota ezartzen ditu elikagaietan: deklarazio nutrizionalak eta elikagaien propietate osasungarriei buruzko deklarazioak.


Elikagai baten propietate osasungarrien deklarazio bat da edozein deklarazio, baieztatzen, iradokitzen edo ulertarazten duena erlazio bat dagoela elikagai-kategoria baten, elikagai baten edo haren osagaietariko baten eta osasunaren artean. Hau da, idatzizko mezu argien bidez zein iradokitzeko beste edozein moduz (irudiak, aurkezpenak, etab.) batez besteko kontsumitzaileari aditzera ematen zaionean elikagai jakin batek edo haren osagairen batek osasunerako onura jakin bat duela. Hona hemen deklarazio mota horretako adibide batzuk: "kaltzioa beharrezkoa da hezurretako osasunari eusteko"; "omega-3 gantz-azidoak lagungarriak dira bihotzak behar bezala funtziona dezan" edo "burdina lagungarria da globulu gorriak eta hemoglobina behar bezala sortzeko".


Bi deklarazio mota daude:


  • Gaixotasunen garapenarekin edo haurren garapen eta osasunarekin zerikusirik EZ dutenak. Mota horretakoetan, organismoaren funtzionamendu egokiarekin zerikusia duten deklarazioak daude. Adibidez, odoleko kolesterol- edo azukre-maila egokiekin edo bihotzaren funtzionamendu egokiarekin zerikusia dutenak.
  • Gaixotasunen garapenarekin edo haurren garapen eta osasunarekin zerikusia BAdutenak. Mota horretakoetan sartzen dira gaixotasun-arriskuak murrizteari buruz dihardutenak; adibidez, odoleko kolesterol- edo azukre-maila altuekin zerikusia duten gaixotasunei buruzkoak. Adibidez, "Esterol begetalek murriztu egiten dute odoleko kolesterola. Odolean kolesterol-maila altua izateak bihotzeko gaixotasunak izateko arriskua dakar".


Garrantzizkoa da nabarmentzea elikagai batek, edozein deklarazio eraman ahal izateko, bai elikagaiak, bai deklarazioak berak —hala nutrizionalak nola propietate osasungarriei buruzkoak— printzipio batzuk (adibidez, faltsua, anbiguoa edo iruzurrezkoa ez izatea) eta baldintza batzuk bete behar dituela, 1924/2006 Erregelamenduan eta haren ondorengo aldaketetan jasoak daudenak. Adibidez, halako deklarazio bat erantsi nahi duen elikagai batek nutrizio-profil jakin bat bete behar du (esaterako, gatz, azukre edo trans gantzetan gehienezko eduki bat izatea), eta deklarazioak ez du faltsua, anbiguoa edo iruzurrezkoa izan behar.


Erreferentziak


Elikagaien propietate osasungarrien eta nutrizio deklarazioen inguruko 1924/2006 Araudia

Propietate osasungarri eta nutrizio deklarazioen erregistroa

Osasun propietateen jakinarazpenen txostena - ELIKA