Elikagai-kilometroak

Wikia-Elikatik
Jump to navigation Jump to search

Ingelesezko food miles terminoaren itzulpena da. Termino hori erabili zen 1994an Britainia Handian egindako azterketa batean, elikagaien ekoizpenean zenbat erregai fosil erabiltzen ziren adierazteko. Kalkulu hori egiteko, ekoizpenetik kontsumitzailearengana iritsi arteko petrolio-kontsumoa hartzen da kontuan, eta haren baliokidea karbono-emisioetan. Barnean hartzen du, beraz, elikagaien ekoizpenean, industria-eraldaketan eta garraioan erabilitako energia. Elikagai-hornikuntzaren inpaktu ekologikoa neurtzeko balio du. Geroago, beste proposamen batzuk egin dira ingurumen-inpaktua neurtzeko metodologia hobetzeko; adibidez, bizitza-zikloaren analisia.


Kontzeptu horren erabilera lagungarria izan da gizartea, oro har, konturatu dadin zein distantzia luzeak egiten dituzten elikagaiek dendetara iritsi baino lehen, eta kontsumitzailearentzat elikagaiaren jatorria irizpide bat izaten has dadin elikagaia aukeratzeko orduan. Distantziaren garrantzia nabarmentzeko, elikagai kilometrikoei buruz hitz egin da maiz, jatorria kontsumo-puntutik oso urrun duten elikagaiak aipatzeko.


Nolanahi ere, kontzeptu horrek, modu partzialean neurtzen du gizarte batek elikadura jasangarria duen ala ez, ez baititu kontuan hartzen jasangarritasunaren beste kontzeptu batzuk, hala nola ekonomian eta gizartean duen inpaktua.


Erreferentzia


Amigos de la Tierra. Alimentos kilométricos. Las emisiones de CO2 por la importación de alimentos al Estado español.