Elikadura jasangarria

Wikia-Elikatik
Jump to navigation Jump to search

Garapen jasangarria (edo iraunkorra) terminoa 1990eko hamarkadaren amaieran sortu zen, hazkunde ekonomikoa beste oinarririk ez zuen garapen-ereduak sortutako krisi ekologikorako aterabide bat eskaintzeko. Hala, planteatzen da garapena jasangarria izateko modu bakarra dela gaur egungo beharrizanak asetzea etorkizuneko belaunaldiek berenak asetzea galarazi gabe. Jasangarritasun horrek hiru eremutan gertatu behar du: ingurumenean, ekonomian eta gizartean. Nahitaezkoa da hiru eremu horien artean oreka izatea, zeren eta ez bailitzateke jasangarria izango ingurumen-inpaktu txikiko garapen-eredu bat hartan lanean ari direnen diru-sarreren maila egoki bat bermatuko ez balu. Termino horrek duen arazoa zera da: oraindik ez dagoela adostasunik jasangarritasuna neurtzeko moduari dagokionez. Hala ere, hori ez da oztopo gaur egungo garapen-ereduaren arazoak zuzentzeko saioak norabide horretan egiteko; izan ere, badirudi bera dela gauzatu daitekeen bakarra.


Jasangarri terminoa eguneroko bizimoduaren alderdi guztietara hedatu da. Elikaduraren eremura aplikatzean, nabarmen gelditu da gaur egungo ereduak arazo handiak sortzen dituela, hala nola energia ez-berriztagarrien erabilera, ingurumenaren kutsadura, obesitatea edo, zenbait herrialdetan, gosea. Ekonomiaren globalizazioan bermatzen da eredua, herrialde aberatsek ematen dituzten laguntzetan eta elikagaiak transformatzeko teknologietan. Hala, elikagai merkeak eramaten zaizkie munduko edozein bazterretako pertsonei, ordaintzeko modua badute.


Jasangarritasunean oinarritutako elikadura-eredu alternatibo batek helburu hauek bete behar ditu: hainbeste energia ez kontsumitzea nekazaritza-ekoizpenean eta garraioan, nekazariek beren lanagatik diru-sarreren maila onargarria lortzea, eta pertsona guztiek elikagai osasungarriak eta eskuragarriak izatea. Helburu horiek lortzeko, beharrezkoa da:

  • nekazaritza-produkzioaren arloan: familia-nekazaritzari eta ingurumena zaintzen duten nekazaritza-ekoizpeneko moldeei laguntzea; adibidez, nekazaritza ekologikoa,
  • elikagaien banaketaren arloan: elikagaiak merkaturatze-kanal laburretan eskuratzea,
  • kontsumoaren arloan: haragi gutxiago eta sasoiko eta bidezko merkataritzako elikagai gehiago hartzea, eta
  • politikaren arloan: elikadura-burujabetza sendotzea globalizazioaren aurrean.


Erreferentzia


ADA (2007) “Position of the American Dietetic Association: food and nutrition professionals can implement practices to conserve natural resources and support ecological sustainability”. Journal of the American Dietetic Association 107, 6: 1033-1043