Elikadura-alergenoa

Wikia-Elikatik
Jump to navigation Jump to search

Alergeno bat elikagai baten osagai bat edo haren gehigarri bat da, irentsita, ukituta edo inhalatuta elikadura-alergia izeneko erreakzio immunologiko bat eragiten duena. Oro har, hipersentikortasun horretarako aurretiko joera genetikoa dute gizabanako edo familia batzuek.

Elikadura-alergeno batzuen gaitasun alergenikoa desagertu egiten da kozinatzen edo prozesatzen direnean. Prozesatzeko teknikarik modernoenek, hala nola elikagaientzako presio altuko tratamenduek, hartzidurak eta entzima-tratamenduek, lagundu dezakete elikadura-proteina batzuen alergenotasuna murrizten. Olioetako alergenoak finduz desagerraraz daitezke. Edozein elikagairekin erreakzio alergikoak sor daitezkeen arren, batzuekin beste batzuekin baino maizago agertzen dira. Elikadura-alergenorik ohikoenak hauek dira: behi-esnea, arrautzak, lekaleak (soja barne), garia, itsaskiak (karramarroa, otarraina, zigala eta otarrainxka), frutak eta fruitu lehorrak (kakahueteak eta intxaurrak, esate baterako).

Bestalde, produktu kimiko asko ere izan daitezke alergenoak, baita asko erabiltzen diren horietako zenbait ere, hala nola kosmetikoak. Kasu berezia da farmakoena, antibiotikoena batez ere (penizilinak eta zefalosporinak).


Erreferentziak


Rojas Hidalgo, E. 2008. Diccionario de Nutrición y términos afines. Grupo AULA MÉDICA, S.L. Madrid (España)

Vitoria JC y González T, 2010. Nutrición en las alergias e intolerancias alimentarias. En: "Tratado de Nutrición. Tomo IV Nutrición Clínica" 2ª edición. Editor A. Gil Ed. Medica Panamericana, Madrid (España)

Kontsumitzailea- Alergiak eta intolerantziak – ELIKA