Edoskitze artifiziala

Wikia-Elikatik
Jump to navigation Jump to search

Zerbaitegatik (amaren patologiengatiko kontraindikazioa, behar adina ez ekoiztea eta abar) amaren esnerik eman ezin zaienean bularreko haurrei ematen zaien ordezko elikadura, esne-formulaz osatua. Haurra elikatzeko modu bakarra izan liteke lehen hilabeteetan, eta beikostarekin osatzen da 4.-6. hilabetetik aurrera. Esne-formulak behi-esnea oinarri hartuta sintetizatzen dira, eta gaingabetzeko, normalizatzeko, pasteurizatzeko, homogeneizatzeko, kontzentratzeko eta deshidratatzeko prozesuak aplikatzen zaizkie, azkenean lortzen den produktua giza esnearen ahalik eta antzekoena izan dadin eta bularreko haurraren nutrizio-beharretara eta ezaugarri fisiologikoetara egokitu dadin. Hauts (esne deshidratatu) kantitate jakin bat edateko ur irakinaren bolumen jakin batean disolbatuz osatzen dira formularik gehienak.


Merkatuan dauden formula nagusiak hasierakoak (4-6 hilabete bitarteko haurrentzako egokiak) eta jarraipenekoak (4.-6. hilabetetik aurrera emateko egokiak) dira. Formula horietaz gain, beste formula mota berezi batzuk ere badaude:


  • Formula likidoak: uretan disolbatu beharrik ez duten formulak.
  • Formula sintetikoak: digestiorik behar ez duten monomeroez (aminoazidoak, nitrogeno-iturri; glukosa-polimeroak, karbohidrato-iturri; eta kate ertaineko triglizeridoak, koipe-iturri) osatuta dauden eta erraz xurgatzen diren formulak.
  • Formula egokituak edo aldatuak: nutrienteetako bat gehitu, kendu edo haren kantitatea aldatu zaien formulak:
  • Karbohidrato-aldaketa duten formulak: laktosarik gabeko edo laktosa gutxiko formulak, disakarido fruktosadunik ez duten formulak eta abar.
  • Proteina-aldaketa duten formulak: soja duten formulak, proteina hidrolizatuak dituzten formulak eta abar.
  • Haur goiztiarrentzako formulak: 2.500 gramora iristen ez diren haur jaioberri goiztiarrentzako formulak, zeinek energia eta nutriente kantitate handiagoa ematen baitute.


Erreferentzia


Alimentación infantil. M. Hernández Rodriguez. Editorial Díaz de Santos. 2001.