Dastamen-atalaseak

Wikia-Elikatik
Jump to navigation Jump to search

Atalaseak dira pertsona bakoitzak dastamenaren bidez sentsazio bat sumatzeko dituen intentsitateak (bai ahoan zaporeak sumatzeko, bai ahoan edo sudurrean aromak sumatzeko). Oro har, zapore mikatzarekiko sentikortasuna handiagoa da gainerako zaporeekikoa baino.

Atalase mota bat baino gehiago daude, eta desberdinak izan daitezke pertsona batzuenak eta besteenak:

-Pertzepzio- edo detekzio-atalasea: sentsazio bat (ez du zertan izan identifikatua) sortzeko behar den estimulu baten (aroma edo zapore baten) gutxieneko balioa. Adibidez, elikagai bat ahoan sartu, eta sentitzea zerbaiten zaporea duela haren zaporea identifikatu gabe.

-Ezagutza-atalasea:ebaluatzaile batek estimulu bat aurkezten zaion bakoitzean beti deskribatzaile bera esleitzeko (zapore edo aroma jakin bat ezagutzeko) estimulu horrek izan behar duen gutxieneko intentsitatea. Adibidez, produktu bat ahoan sartu eta jabetzea zapore jakin bat duela; adibidez, gatza, baldin badu.

-Desberdintasun-atalasea:estimulu baten intentsitate fisikoan sumatzen den gutxieneko aldearen balioa (zapore edo aroma baten kontzentrazioa aldatzen bada, aldaketa horretaz jabetzea).Adibidez, elikagai baten banilla-aromaren kantitatea areagotuz gero, konturatzea usaina detektatzeko aurkeztutako bietatik zeinek duen banilla gehiago.

-Asetasun-atalasea: zentzumen-estimulu bizi baten gutxieneko balioa, zeinaren gainetik ez baita igartzen inolako intentsitate-aldaketarik (nahiz eta elikagai batean substantzia baten kantitatea asko handitu, ez da sumatzen usain- edo aroma-aldaketarik).

Adibidez, elikagai bati azukre asko gehituta, kantitate batetik aurrera ez zaio antzematen gozotasun handiagorik.


Erreferentziak


AENOR. Análisis sensorial. Recopilación de Normas UNE. AENOR. Madrid, 2010.

Ibáñez F, Barcina Y. Análisis sensorial de alimentos: métodos y aplicaciones. Ed. Springer-Verlag. Barcelona, 2001.