Bentzotiazola

Wikia-Elikatik
Jump to navigation Jump to search

Bentzotiazola edo bentzosulfonazola likido horixka da, likatsu xamarra eta usain berezikoa. Uretan disolbagarri xamarra da, eta oso erraz disolbatzen da etanol, dietil eter, karbono-sulfuro eta azetonan. C7H5NS formula kimikoa eta 95-16-9 CAS zenbakia dagozkio.

Bentzotiazola, batik bat, gomen ekoizpenean baliatzen da, bulkanizazio-erreakzioaren bizkortzaile gisa. Bestalde, korrosioa saihesteko, paperaren manufakturan biozida gisa eta larruak ontzeko ere erabiltzen da. Halaber, kimika-bitartekari gisa baliatzen da sintesi organikoan, eta elikagaien aromatizatzaile legez erabiltzea baimenduta dago (FEMA 3256 zk.).

Herritarrak bentzotiazol-kopuru txikiekiko esposizioa du; izan ere, berez agertzen da elikagaietan (papaia, zainzuriak, malta-whiskya) eta Maillard erreakzioa sortzen da txokolatea, kakahueteak, haragi errea, arto-krispetak eta kafea ekoizten direnean. Edari, izozki, ogi, haragi-produktu, zopa eta esnekietan elikgai-aromatizatzaile gisa ere erabiltzen da (FEMA 3256 zk.), 0,5 ppm-rainoko kontzentrazioetan.