Agroekologia

Wikia-Elikatik
Jump to navigation Jump to search

Agroekologia elikagaiak ekoizteko eta merkaturatzeko modu bat da. Ekoizteko moduari dagokionez, lurralde bakoitzeko agronomia-teknikak, hango ekosistemara moldatuak eta esperimentazio tradizionalean oinarrituak, erabiltzea proposatzen du. Polilaborantzako ekoizpenak izaten dira monolaborantzakoak baino gehiago, lurzoruaren, floraren eta faunaren dibertsitateari eta aberastasunari laguntzeko, eta, azken buruan, ekosistemaren jasangarritasunari laguntzeko.


Elikagaiak merkaturatzeko moduari dagokionez, merkaturatze-kanal laburrak aldezten ditu, kontsumitzaileari zuzenean saltzea, ekoizleak bere lanaren ordain handiagoa lor dezan. Horrek eragin sozioekonomiko oso garrantzitsua du, zeren hari esker inguruko egitura ekonomikoa garatu, hiri-kulturaren eta landa-kulturaren arteko harremanak sendotu eta ekoizleen autoestimua hobetzea lortzen baita.


Agroekologia eta nekazaritza ekologikoa gauza desberdinak dira. Nekazaritza ekologikoa ekoizpen-praktika batzuei buruz baino ez da arduratzen (adibidez, produktu kimiko sintetizatuak ez erabiltzea); agroekologia, berriz, nekazaritzaren ekoizpenak ekosisteman (produktu kimiko sintetizatuekin edo gabe) eta ingurune sozioekonomikoan dituen efektuez arduratzen da.


Agroekologia elikagaiak ekoizteko eta merkaturatzeko proposamen alternatibo bat da; beraz, elikadura jasangarriaren ardatz nagusia da. Gure inguruan, azken urteotan kontsumo-taldeen loraldia gertatzen ari da; hogei bat familiak hitzarmen bat egiten dute tokiko baratzezain batekin (nekazaritza ekologikoan ari dena edo ez), asteko otarra eman diezaien sasoian sasoiko barazkiekin.


Erreferentziak


Altieri M Agroecología: teoría y práctica para una agricultura sostenible Méjico PNUMA

EHNE Agroecología, un modelo necesario