Mirarizko dietak

Wikia-Elikatik
Jump to navigation Jump to search
Dietak.jpg

Ulerturik dieta, osasun-ikuspegitik, espezialista batek (dietista-nutrizionista) modu egokian diseinatutako elikadura-jarraibidea dela, haren helburua dela osasuna hobetzea edo zaintzea eta ebidentzia zientifikoan oinarritutako protokolo adostuei jarraituz egiten dela, badira planteamendu dietetiko desegokiak, gehienetan pisua galtzeari begira eginak.


Mirarizko dietak, hala, oinarri zientifikorik gabeko elikadura-proposamenak dira, eta osasunerako arriskugarriak dira.


Mirarizko dieten helburua da pertsonak bereganatzea, eta, horretarako, promes faltsu edo arriskutsuak egiten dituzte. Haien ezaugarri nagusiak, eta, horrenbestez, identifikatzeko aukera ematen dutenak, hauek dira:


  • Helburu desegokiak edo neurriz kanpokoak aurkezten dituzte. Helburuak ez daude modu egokian planteatuak; "laster lortzekoak" moduan definitzen dira, eta "magikoak" eta kideko hitzak erabiltzen dituzte maiz. Adibidez, pisua galtzeari dagokionez, hilean 5 kg-tik gora galtzea ziurtatzen duen edozein planteamendu osasunarentzat arriskutsutzat jotzen da.
  • Ahalegin handirik gabe egiteko modukoak direla aldarrikatzen dute. Dieta moldatzeak, osasuna zaintzeari edo hobetzeari begira, beti darama berekin ahalegin bat egin beharra, handiagoa edo txikiagoa.
  • Oinarri zientifikorik gabe mugatzen dute elikagaien kontsumoa. Elikagai baten edo elikagai talde baten kontsumoa debekatzen dute, edo kontsumoa elikagai batera edo gutxi batzuetara mugatzen. Batetik, jarraitzeko zailak dira, monotonoak baitira. Bestetik, behar bezalako dieta batek era askotako elikagaiak modu orekatuan kontsumitzeari emango dio lehentasuna beti; izan ere, hala ez jokatzera, malnutrizio-arrisku handia dago.
  • Berebiziko propietateak omen dauzkaten produktu dietetikoak hartzea aholkatzen edo agintzen dute tratamenduaren nahitaezko parte gisa. Salbuespenak salbuespen, ondo agindutako edozein planteamendu dietetikok ez dakar berekin inolako produkturik kontsumitu beharra.
  • Sinesgarri gertatzeko, lekukotasunak, kontakizunak edo istorioak izaten dituzte lagungarri. Osasunaren ikuspegitik, tratamendu dietetiko baten emaitzak ebidentzia zientifikoan oinarritzen dira, eta ez kontakizun interesatuetan. Legearen ikuspuntutik, debekatuta daude.
  • Nork bere kasa egitekoak dira, hau da, osasun-aholkularitza kualifikaturik gabe egin daitezke (adibidez, fotokopia bat, liburu bat, etab.). Moldatze dietetiko orok zuzenean eragiten du osasunean; horregatik, aholkularitza kualifikatua behar du, eta, horrenbestez, espezialista batek eman behar ditu jarraibideak.
  • Komunitate zientifikoak edo administrazioak haien aurka agertu dira beti, saihesteko argudioak emanez eta haien aurkako sentsibilizazioa eraginez.


Baldin eta dieta batek aipatutako ezaugarri guztiak edo batzuk betetzen baditu, mirarizko dietatzat jo daiteke, eta ez egitea aholkatzen da.


Horrelako dietak egiteak osasunerako dituen arrisku nagusien artean, hauek dira nabarmentzekoak:


  • Malnutrizioa edo nutriente-gabezia arriskutsuak eragitea.
  • Efektu edo asaldu psikologiko negatiboak eragitea (adibidez, elikadura-portaeraren asalduak, hala nola anorexia edo bulimia).
  • "Yo-yo" efektuari laguntzea (galdu den pisua, edo gehiago, berreskuratzea).
  • Elikadura-hezkuntzari ez laguntzea. Ondorioz, halako dietak egiten dituzten pertsonek berriro heltzen diete dieta egin beharra ekarri zieten azturei.


Badira "zerrenda beltz" ugari mirarizko dietak eta haien planteamendu-akatsak eta arriskuak deskribatzen dituztenak. Haietako bat hemen dago: http://www.aesan.msc.es/AESAN/web/destacados/dietas_milagro.shtml.


Mirarizko dietak hiru taldetan sailkatu daitezke:


  • Dieta hipokaloriko desorekatuak
  • Disoziazio-dietak
  • Dieta baztertzaileak


Urtero mirarizko dieta berri ugari agertzen badira ere, ezagunenak hauek dira:


  • Dukan dieta
  • Disoziazio-dieta
  • Zonaren dieta
  • Atkins dieta
  • Mayo klinikaren dieta
  • Zoparen dieta
  • Odol taldearen dieta
  • Montignac dieta
  • Ilargiaren dieta
  • Alcat testa


Erreferentziak


Rodríguez VM, Simon E. Bases de la Alimentación Humana. Ed Netbiblo (2008)

AESAN

Wansink B, American Dietetic Association. Position of the American Dietetic Association: food and nutrition misinformation. J Am Diet Assoc. 2006; 106(4): 601-7.